MESSIDONA!!!!!!! Ikusi ta gero emon Botua

miércoles, 18 de abril de 2007

Lekeitio Futbol 7 Txapelketa

_____________Ibon Arrasateren kronikatxoa_______________

Futbol7. Igandea. Goizeko 9.30ak. A ze burukomina!!

Iratzargailuak jo eta burua eztanda egin beharrean. Ze ordu ete da? Buf earra daukat inkomelaua ondinoko! Pijamia be idolostara badaukat, ze pasa zan atzo ba? Nun ibiliko ete nitzan kantzontzilo bistan? Ez naz gogoratzen ezertaz... ...Bai bai zeozertaz bai, baina ez askorik...!
Atzo gehiegizkoa izan zen, ordu txikiak arte geratu eta sekulako mozkorra harrapatu genuen; matxakauak, tekilak... Hasieran buelta bat ematekoak ginen pare bat taberna ta gero etxera formal-formal eh!

Hala ere, betiko leloaren betiko leloa: Kabautik etxera arteko distantzia bikoiztuta, hara ta hona bazter guztiak joz heldu ginen. Pasa lotara inmediatamentian! Hau ez da posible! Ta zeaitxik jo dau ba despertadorak? Ze konpromiso daukat ba domeka baten? Elizara...keba,keba, horrek denporak jun zirian... Ah bai!!! FUTBOL 7 badaukat!! Futbol 7ko txapelketa, hainbeste urtetan hondartzan izan dugun plaieroak ordezkatzeko sortu izan da, belaunaldi aldaketa bat modura. Plaieroek Lekitxoko herriaren historian aztarna esanguratsua utzi dute, bere urrezko letrak idatzi dituztela esan daiteke; oinutsik eta zero azpitiko tenperaturekin haize, euri-zaparrada eta txingorren aurrean futbolaren izpiritua bizirik mantendu izan baita. Harako harako denboretan, Hamaika Bat taldia edo Marinelak esate baterako. Horrela, plaieroetan futbolista oso onak ikusi ahal izan dira, besteak beste batzuk aipatzearren, Otilio, Ajubita, Joxean, Akrregi, Iker Gartzia (orain seme biak Futbol 7ko txapelketan aitaren ezaugarriak erakutsiz dihardutenak)... Horren futbol-zelai politxa izanda eta jendearen ilusioa bertan jokatzeko ikusita, oso aukera erakargarria zela pentsatu zuten antolatzaileek. Nagusiek beti izan dute belarrezko zelairen baten jokatzeko gogo bizia eta horrelako parada izanda herrian bertan, ezin esan ezetzik! -Gure denporetan holako kanpua izan ezkero, batek baino gehixok urtengo ban fubolista profesionalak!-Behin baino gehiagotan entzun izan da nagusien ahotik. Horrela, lekitxarrok horren maitea dugun kirol hau praktikatzen jarraitzeko, osasuntsu egoteko eta azken finean, lagunakin ondo pasa eta barre batzuk botatzeko aproposa da Futbol 7ko txapelketa hau. Goza dezagun!!! Eta zer esanik be eztago, aurten horren erantzukizun garrantzitsua hartu duten antolatzaileei buruz; lehenengo urtea beti izaten da zailena horrelako egitasmo bat antolatzeko, hara eta bestera mugituz informazioa jaso, baimenak eskatu, arautegia sortu, nikiak egin... Mila esker ba Maletik taldeko Sotori, Arrikitauneko Amotori eta Traixgolaseko Jabi Madarietari. Eskerrik asko txapelketa hau aurrera ateratzeagatik! Txapelketa hasi aurretik kuadrilak gogotsu ikusten ziren, elkarren artean pikea egongo zela nabari zitekeen. Jendea forman ipintzen zegoen, Farolera eta Karraspiora korrikan, gimnasiora giharrak sendotzen... -Andoni, zer noiztik ba zu korrika? -Ez eske....! -Atrapo! Ez hori bakarrik, badakigu guztiok zelakoak garen lekitxarrok eta batzutan berba gehiegi egiten dugu. Hau esatearen arrazoia, txutxumutxuek diotenez, Taketak taldeko jokalari batek 25 gol sartuko dituela zin egin baitu!! Ikusiko dugu ea egia den!



Urtarrilaren 14a TAKETAK 3- WC KOMUNS 2 Ezustekoa Larrotegi futbol zelaian. Arrain txikiak arrain handia jan du. Txapelketa irabazteko faboritoa den WC Komuns garaitua izan da Taketak-en eskutik. Azken hau bere ibilbide osoan erakutsi duen legez, oso talde irregularra da, handienen aurrean onena emateko gai, baina baita talde eskasagoen aurrean porrot egiteko ere. WC Komuns-i dagokionez, aurten ere sekulako taldea osatu du, hala nola batzuk aipatzearren, Aimar, Iza, Perku, Unai, Iñaki, Gorka, Etxanito, Iker... Orain urte batzutako Futbol Taldea azken finean. Hauei irabazteko, aurreko gauez eurak mozkortzea besterik ez da geratzen, poltsikoa hutsita baina partidua irabazi! Partidua bor-bor egon da, oso bizia, joan-etorri arinekoa. Sarrera itsusiren bat edo beste gertatu da, ez da harritzekoa Taketak talde zelaian egonda. Hala ere, taldeko izarra falta izan da, izarra arlo guztietan. Nor izango da ba, gure Erkiiiii!!! Ooooohhh!!! Eta galdetuko duzue irakurleok, ze ezta apunta ala? Ez gitxi, baina badakizue betiko moduan zigortuta egon da, 3 partidurako hain zuzen; berak dioen lez ezebe eztotzat ein ta roja! Zelan da hori ba?. Azkenean, 25 gol sartzea zin egin duenak bere bideari jarraiki, partidua erabaki du gol zoragarri batekin. Zorionak eta segi horrela! Laster itxiko dituzu aho bat baino gehiago zure helburua betetzerakoan. Taketak-ek horrela, ezustean, 3 puntuak eraman ditu eta lider sendo bezala azaltzen zaigu sailkapenean, WC bigarren postura bidaliz. Liderrak hutsik egingo al du ba? Zenbat aste gehiago iraungo duzue BURUan ERKI? Egin apostu!!! Erki fitxa zazu L.F.T-rako orain!: Rivaldo eta Gartzia


Urtarrilaren 28a TOHO 4-TITIRIPARIPE 2 Gazteen arteko derbi handia!!! Giroa berotuta egon da, tentsioa nabari da. Aurretik ere liskarren bat edo beste pasata zegoen, izan ere, aurreko astean Titirikoek Tohoren partidua arbitratu zuten eta antza, Marianitoren esanetan oso gaizki egin zuten: penalti argixa pita bez euren alde, Txikiri nikixa apurtu... Berba baten, injustua! Aste osoa partidu horren zai, ea noiz helduko igandea. Partidu hasieran batak bestearenganako errespetua ikusi da, taktika hutsa: lerroak elkarren artean oso ongi ordenatuta, baloia atzean lasai mugituz; Marianito, Zaba, Jonki konexioa alde batetik, eta bestetik, Koldo, Lekio, Bua lotura. Tiki-taka gutxi egon arren, Gartzia Iniestak bere malizia lagun, Zabaletak bere jaurtiketa gogorraz baliatuz eta talde guztiaren laguntzaz, Titiri garaitu dute. Titiri esan beharra dago, krisialdi txiki bat pasatzen ari dela, bere futbol osasuna ez dela oso ona eta Zeresanako erredakziokoek espero dugu burua altxatuko dutela!! Animo Titiri!! Konejitoak: TOHO TITIRI 3 Zabaleta (2gol) 3 Ibontxu (2 gol) 2 Gartzia (1gol) 2 Koldo 1 Txiki (1gol) 1 Lekio IRITZIAK Prontzio Zer gertatzen zaio gure Erkiri? Beti zigortuta! Lekitxoko futbol-txapelketa ezberdinetan, Kaskajo, Plaieroak, orain Futbol7... beti zigortua izaten da. Zergatik baina? Bere esanetan ez du ekintza txarrik egiten (inoiz ez dut sarrera itsusirik egin, ez dut sekula protestatu...) eta Lekitxon iada duen izenagatik horren gogor epaitzen dute. Aurtengo txapelketa berri honetan ere, huskeria batengatik 3 partidurako zigorra jausi zaio, Bardin Jat taldeko batekin liskar txiki bat izatearen ondorioz. Ez dut arbitroen lana epaituko, ez naiz hor sartuko, baina Erki Lekitxoko Futbol Taldeko entrenatzailea zaren heinean eta umeentzako futbol eredu bat izan behar duzunean, zure inpultsoak kontrolatzen ikasi beharko zenuke. Izan ere, burua galtzen duzun bakoitzean egin behar ez diren gauzak burutzen dituzu eta hau kirol heziketarentzako ez da eredugarria. Hortaz, Xabi auto-erlaxazio ariketa batzuk gomendatzen dizkizut partidua hasi aurretik. Arnasa sudurretik hartu eta ahotik bota...!!

Archivo del blog